XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bide zuzenean nagoela uste dut.

Varanasi, abenduak 13

Gaur denbora soberan izan dut hortik zehar patxadaz ibiltzeko, eta Varuna eta Asi errekek mugatzen duten hiri handi hau batere presarik gabe ezagutzen hasteko aprobetxatu dut.

Eguneko lehen orduetan Ganga bazterretik urrundu eta kale estu eta labirintikoen artean galdu dut neure burua.

Hara eta hona noraezean ibiliz, azkenean izen bereko hotel desberdinen misterioa argitu zait.

Dirudienez, Varanasin badaude hotel batzuk aspaldiko urteotan bidaiarien artean ospe ona hartu dutenak: Yogi, Shanti, ni atzo bila ibili nintzen Vishnu...

Kanpotarrak leku horietaz galdezka heltzen dira hona, eta hemengo buruargi batzuei primerako ideia otu zaie bisitari horien kontura negozioa egiteko: izen berdintsuko ostatuak irekitzea.

Horrez gain, kalean eurentzat lanean ibiltzen diren komisionista batzuk ipini dituzte, eta guztira irabazpide segurua antolatu dute atzerritar despistatu askoren inozotasunari esker.

Gaur goizean, adibidez, ingurune berean izen oso berdintsuko lau ostatu oso desberdin ikusi ditut: Vishnu lodge, New Vishnu eta Real Vishnu.

Horrez gain, bizpahiru Yogi eta beste horrenbeste Shanti topatu ditut.

Eguerdi aldean, hiriko kale zaharretan barrena ibili eta ibili, ustekabean tentsio giro nabarmena zegoen toki batera ailegatu naiz.